XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Irlanda-ko Barriak

Venezuela-tik Espaiñia-ra, Montserrat transatlantikoan kapellau lez nentorrela, egotaldi laburtxu bat egin genduan Puerto España-n, Antilla Txikietako Trinidad ugartean.

Bertan embarkatu zirean fraille dominikano bi, zuri zuri jantziak.

Bat zaarra, irurogetabi urtekoa.

Bestea gaztea, ogetamar urte or or eukiko zituana.

Biak zirean Irlandarrak, eta visitalditxu bat egitera joiazan euren aberrira.

Verba egiteko, biakaz ondo komponduten nintzan.

Zaarrak, frantses ta espaiñol apurtxu bat ekian; eta gazteak, latiñez polito egiten eban.

Nik ba-nekian, Irlanda guztiz katolikoa zala; verbeta aparteko bat eukola; eta gauza askotan Euskalerriaren antzekoa zala.

Baiña oneek gauzok obeto jakin gura nituan; Irlandarren euren agotik ezagutu nai nebazan.

Orregaitik, arratsalde baten, popako barrean jezarrita, fraille gazteak eta biok alkar verbeta au euki genduan.

- Zenbat zarie Irlandarrak?

- Irlandan bertan lau milloi t'erdi. Baiña asko dira erbestean bizi direanak. Gure aberritik gente askok urteten dau kampora. Atara kontuak: emeretzigarren gizaldiaren asikeran, bederatzi milloi giñean Irlandarrak; eta orain, orren erdiak bakarrik. Gaur egunean, emigraziñoa da Irlandako gobernuaren problemarik aundienetarikoa.

- Eta zegaitik urteten dabe ainbestek kampora?

- Asko dira orren kausak. Gure aberria pobrea da, eta txikia. Ez dauko leenengo materiarik: ez burdiñik, ez ikatzik, ez petroliorik. Eta olan ezin leiteke industria aundirik euki. Orain eun urte, euki genduan, bai, lanazko industria ederra; baiña gero ta gero be, danak lur jo eban Inglaterrako industriaren kompetentziagaitik. Aspaldion, baserritarren bizimodua asko obatu da, eta labrantzea naziño guztian ondo organizatu da. Agrikulturearen aurrerakuntza onetan parte aundia artu dabe eleizgizonak. Igaz il zan, ain zuzen be, Canon Hayes abadea, baserritarren sindikatuak fundatu dituana. Orregaitik, gaur egunean, urietatik eta kapitaletatik urteten dabe emigrante geienak. Baiña alan ta guzti-bere, asko dira, guztiz asko, aberria itxita, erbestera doazanak.

- Extranjeruko ze lekuetara joaten dira?

- Geienak Inglaterrara bertara. Gero Canadara, Ameriketako Estadu Alkartuetara ta Australiara.

- Eta gero, aberastuta-edo, ez dira etorten barriro Irlandara?

- Ez.Banaka batzuk izan ezik, danak lotuten dira biziten erbestean.Gitxi, oso gitxi biurtuten dira aberrira.

- Emigraziño ori, aintxiñatik asi da zuen artean?

- Bai. Ba-dakizu: gure erria ez da iñoiz aberatsa izan, eta aintxiñatik sentidu izan dogu lurralde obetara joateko bearrizana. Leen gaiñera, beste motivu aundi bat eukiten genduan aberritik alde egiteko: erlegiñoaren persekuziñoa. Orain Irlanda, errepublika libre bat da. Baiña, askatasuna lortu artean, gizaldi asko igaro izan doguz Inglaterraren menpean. Unada luze orretan, batez-bere amazazpi ta amazortzi sekuluetan, Inglesak eragozpen aundiak ipinten euskuezan katolikoak izateko. Lurrak kentzen euskuezan, kartzelan sartzen ginduezan, eleizak eta eskolak erre edo zarratu. Egokera larri orretan, Irlandatik urten egin bear.

- Gaur egunean zein da Irlandako aberaskuntzarik aundiena?

- Labrantzea eta labrantzatik datozan industriak: esnea, mantekillea, gaztaia, aragia, liñoa, lanea, tela fabrikak, eta abar. Industria astuna be, ba-daukogu zerbait, uri aundietan. Oraintsu asi jakuz Alemanak eta Italianoak automobil fabrikak egiten, euren industria libra esterlinearen zonan sartzeko asmoz.

- Ze urtetan lortu eban Irlandak bere askatasun politikoa?

- Ba... 1921-ean. Urte orretan sortu zan Irlandako Errepublikea. Baiña, zoritxarrez, naziño osoa ez da oraindiño libre. Iparraldeko zati bat, Ulster deritxona, Inglaterragaz alkartuta geratu zan.

- Eta zergaitik divisiño ori?

- Iparraldeko Irlandarrak, jatorriz Inglesak eta erlegiñoz protestanteak direalako. Orixe da divisiñoaren kausa bakarra.

- Inglesak zelan sartu zirean ba Irlandan?

- Amairugarren gizaldian asi zirean gugaz gerran, eta geldi geldika Irlanda osoa artu eben eurentzat.

Amaboskarren gizaldian Inglesak zirean gure agintari bakarrak.

Asikeran ondo portatu zirean gugaz.

Orduan, eurok eta gu, danok gintzazan katolikoak.

Soldadu geienak, Inglaterrara biurtu barik, geure artean geratuten zirean, geure verbetea ikasi, Irlandako emakumeakaz ezkondu, eta azkenean bertokotu egiten zirean.

Baiña gero, protestantismoa agertu zanean, Inglesak ez zirean naastetan gugaz: gure erlegiñoari persegiduten asi zirean, lurrik ederrrenak kendu euskuezan eta geienak Iparraldean batu zirean.

Eta Iparralde ori, oraiñarte olantxe geratu da: Ingles eta Protestante.

Orra or Irlandaren divisiñoaren jatorria ta historia.

- Eta zuek, Egoaldeko Irlandarrok, konforme zagoze divisiño orregaz?

- Bai zera! Danok gagoz kontra.

Errepublikeagaz batera ( 1921-ean ), divisiñoa sortu zanean, beingoan asi zan gerra zivilla.

Urte t'erdi iraun eban burrukeak.

Nire aitita batek, bertan galdu eban bizia.

Gerra beroa amaitu zan, baiña oraindiño bizi bizirik dabil gerra otza.

- Ba-daukozue batasuna lortuteko itxaropenik?

- Itxaropena, azkenen galtzen da.

Baiña, Ipar-Irlandako gauzak, orain dagozan lez irauten badabe, nekez eta dolez jaritxiko dogu batasuna.

Eleziño sistema osoa, euren aldekoa da.

Polizia ta gobernua, Inglesen eskuetan dagoz.

Gatxa da alde batetik bestera pasatzea, fronterea ondo ondo jagonda dago-ta.

Aduanea, guztiz zorrotza da.

Belfast-en, Ipar-Irlandako uri nagusian, artegatasun aundia sentitzen da, persekuziño demporan sentitzen zanaren antzekoa.

Batak eta besteak ez dira kompontzen iñondik iñora, batez-bere eskola ta edukaziño kontuan.

Protestanteak ez dira konvertietan garau bat be ez.

Gaur egunean beintzat, batasunaren etorkizuna ez da alaia.

Indarraren bidez ezin geinke ezer lortu.

Inglaterraren kontra gu ez gara gauza.

Orrezaz gaiñera, Obispoak eurak-bere kondenatu egin dabez ixillean diarduen movimentu indarzale guztiak, batez-bere Irish Republican Army izenekoa.

Gure gaurko itxaropenik aundiena auxe da: Ipar-Irlandako katolikoak mundura ume asko ekarri daiezala.

- Orain beste gauza bat.Inglaterraren menpean ainbeste urte egonda gero, gorde aal izan dozue zuen verbeta zaarra?

- Bai. Baiña asko galdu da.

Oeste aldean bakarrik konservatu da; baserritarren eta arraintzaleen artean.

Berreun milla gitxi gorabeera izango dira, eguneroko alkarrizketan erabilten dabenak.

- Eta gobernuak lan giten dau, naziñoko verbeteari bizia emoteko?

- Bai, asko gaiñera. Dirua zenbat gura gastetan dau urtean urtean, gure izkuntza zaarra zabaltzeko ta sendotuteko.

Eskola guztietan irakasten da gaelikoa.

Auxe da gure verbetearen izena.Iru universidade daukoguz, eta euretariko baten gaelikoz egiten da dana.

Profesiño guztietarako gaelikoa jakin bear da.